Zuhaitza[1] zurezko landare handi eta bizikorra da. Sustraiak, enbor bat edo gehiago, adarrak eta hostoak ditu. Azalak, larruaren parekoa dena, infekzioen eta onddoen aurka babesten du, eta garatzerako behar dituen ura eta elikagaiak adar eta hostoetara garraiatzen ahalbidetzen dio. Beste landareak baino handiagoak dira eta espezie batzuek (sekuoia gorriek, adibidez) 100 metroko garaiera gainditu dezakete, eta milaka urtez bizi[2]. Zuhaitzak duela 370 milioi urte sortu ziren. Munduan 3 bilioi zuhaitz heldu baino gehiago daudela uste da[3].

Ezki (Tilia cordata) bakarti bat (Linn, Suitza)
Europar laritza (Larix decidua), zuhaitz konifero bat, hostoerorkorra.

Zuhaitz talde txikiek zuhaiztiak osatzen dituzte eta populazio handiek, berriz, baso eta oihanak.

Zuhaitzak paisaia naturalaren osagai garrantzitsuak dira, izan ere, higadura prebenitzen dute eta eguraldiaren gorabeheretatik babestutako ekosistema eratzen dute. Oxigenoa sortzeko eta atmosferan karbono dioxidoa murrizteko orduan ere gareantzitsuak dira, baita lurzoruko tenperatura txikitzeko ere. Landa- eta hiri-paisaiaren eta nekazaritzaren elementuak ere badira, bai itxura erakargarria dutelako, bai fruta-arbolen baratzeetan fruituak ekoizten dituztelako. Zuhaitzen zura eraikuntza-materiala da, baita lehen mailako energia-iturria ere. Zuhaitzek ere eginkizun garrantzitsua dute munduko mitologia askotan. Euskal Herrian, adibidez, Gernikako arbola garrantzi handiko ikurra da oraindik ere.

Hitza

Hainbat hitz dago euskara batuan zuhaitza izendatzeko: zuhaitz[1] bera, arbola[4], zuhamu'[5] eta zuhain[6]. Halere, zuhaitz[1] bera da euskara batuan erabiliena, besteen oso aurretik[7].

Zuhaitz hitzaren etimologia ez da argia, baina badirudi lehen osagaia zur dela[8], eratorrietan hartu ohi duen zu(h)- itxurarekin. Testu antzinakoenetan forma erabilienak badirudi direla zu(h)aitz, zuhatz eta zugatz[8].

Zuhaitz pertsona-izena ere bada, gizonezkoa[9].

Definizioa

Nahiz eta "zuhaitza" eguneroko hizkuntzako hitza izan, ez dago definizio zehatzik zuhaitza zer den adierazteko, ez botanikoki ezta ohiko hizkeran ere.

Zentzu zabalenean, zuhaitz bat zurtoin (edo enbor) luze eta gogorreko landare bat da, hosto edota adarrak lurretik hurrun eusten dituena. Ezaugarri nagusia, ordea, garaiera da, nahiz eta admitiendo arabera desberdina izan: 3m[10][11], 4m[12], 5m[13] edo 6m[14]. Txikiagoei "zuhaixka" deritze. Papaia eta bananondoa bezalako landare belarkara handiak, zentzu zabal horretan, zuhaitzak dira.

Zentzu hertsian, bigarren mailako hazkuntzaz osatutako zurezko enbor bat duena da zuhaitza, hots, enborra urtero loditzen dela kanporantz haztean, hazkunde-puntatik gorantz egiten duen lehen hazkuntzaz gain. Definizio honen arabera, palmondoak, bananondoak eta papaiak bezalako landare belarkarak ez dira zuhaiztzat hartzen, edozein izanda ere euren garaiera, hazkuntza forma edo zurtoinaren zirkunferentzia. Zenbait monokotiledoneo zuhaiztzat har daitezke, definizio malguago baten pean; Josueren jukak, banbuek eta palmondoek bigarren mailako hazkunderik ez duten arren, eta benetako zura ekoizten ez badute ere, "pseudo-zura" sor dezakete, lehen mailako hazkundeaz osatutako zelulak lotuz. Dracaena generoko zuhaitz-espezieek, monokotiledoneoak izan arren, bigarren mailako hazkuntza dute, meristemoak beren enborrean eragiten duena, baina zuhaitz dikotiledoneotan dagoen meristemo lodituaren ezberdina da.

Morfologia

Zuhaitz baten sustraiak lurpean egoten dira eta ura eta elikagaiak xurgatzen dituzte inguruko lurretik. Lurgainean, enborrak garaiera ematen die adarrei eta hostoei eguzki-argia lortzeko borrokan laguntzeko. Zuhaitz batzuetan, abarrak zabaldu egiten dira asko hostoen alderik gehiena eguzkirantz jarri ahal izateko.

Bestalde, egon badaude zuhaitz batzuk hemen esandako organo guztiak ez dituztenak, hala nola: palmondo gehienek ez dute adarrik, Ipar Amerikako saguaroak ez du hosto funtzionalik eta iratze-zuhaitzek ez dute zurezko azalik. Hala ere, haien forman eta neurrian oinarriturik, zuhaiztzat hartzen dituzte zientzialariek.

Giro egokienetan, zuhaitz mota batzuk 100 m baino gehiagoko garaiera har dezakete eta milaka urtez bizi.

Zuhaitz talde txiki bati, zurtoin txikiagoak edo bat baino gehiago dauzkatenei «zuhaixka» esaten zaio sarri, nahiz eta kategoria biren artean muga zehatzik ez dagoen.

Biotopo batzuk bertan bizi diren zuhaitzen arabera definitzen dira, esate baterako, Tropikoko oihana eta taiga.

Sailkapena

Sailkapen orokor baten arabera, zuhaitzak bi multzo nagusitan banatu ditzakegu:

Europan, esate baterako, 454 zuhaitz espezie daude ondo katalogatuta, horietatik %42 desagertzeko mehatxupean[15].

Fruitu arbolak

Sakontzeko, irakurri: «Fruitu arbola»

Kultura

Sarritan, balio garrantzitsua izaten dute zuhaitzek mitologia eta erlijioetan. Honen adibide batzuk dira, Yggdrasil mitologia nordikoan, Gabonetako zuhaitza mitologia germanikotik hartua, Jakinduria-zuhaitza judaismo eta kristautasunean, eta Argitasunaren zuhaitza budismoan.

Euskal Herriko kulturan, esate baterako Gernikako Arbola itzal handiko sinboloa da aspaldidanik.

Esaerak

«

Arbola onak, itzal ona.

»
«

Arbola fruituetatik ezaguketan da.

»
«

Zuhaitza zaharrago, zuzentzen zailago.

»

Ikus Gotzon Garate. Atsotitzak. [16]

Erreferentziak

  1. a b c «Zuhaitz». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-6-21.)
  2. (Ingelesez) Gymnosperm Database: Sequoia sempervirens.
    Aipua: «Hyperion, Redwood National Park, CA, 115.55 m»
    .
  3. (Ingelesez) Crowther, T. W.. (2015-9-2). Mapping tree density at a global scale. advance online publication Nature, 201 or.  doi:10.1038/nature14967. ISSN 1476-4687. Bibcode2015Natur.525..201C..
  4. «Arbola». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-6-21.)
  5. «Zuhamu». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-6-21.)
  6. «Zuhain». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-6-30.)
  7. Egungo Testuen Corpusa (noiz kontsultatua: 2021-06-30)
  8. a b Joseba Lakarra - Julen Manterola - Iñaki Segurola. (2019). Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200). Euskaltzaindia ISBN 978-84-946477-8-9..
  9. Zuhaitz Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-6-30)
  10. (Gaztelaniaz)Enciclopedia de Ciencias Naturales, ed. Bruguera.
  11. (Ingelesez) Rushforth, K.. Trees of Britain and Europe. Collins ISBN 0-00-220013-9..
  12. Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia, 25-33 or. ISBN 9788445730515..
  13. (Gaztelaniaz)Gran Guía de la Naturaleza. Árboles.
  14. (Ingelesez) Mitchell, A. F.. (1974). A Field Guide to the Trees of Britain and Northern Europe. Collins ISBN 0-00-212035-6..
  15. Lartzanguren, Edu. «Arbolkalipsia orain» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-18).
  16. «Gotzon Garate - Atsotitzak - Online Kontsulta zerbitzua» ametza.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-18).

Ikus, gainera

Kanpo estekak